XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ildo berri bat

Filipe Bidart

Lehenik agurtu nahi ditut hemendik euskal presokide guziak, Eneko abertzale gaztea berrikitan presondegiratua, Gabi Perpignan-erat urrundua.

Jean-Noampeuml;l Arles-en dagoena, eta baita ere 70 euskal presokideak Frantses estadoko sei kantoinetan barreatuak eta Euskal-Herritik urrunduak, baita ere Espainol Estadoan dauden beste 600 euskal presokideak.

Amnistiaren Eguna ospatzen duzue gaur Makean, nik Askatasunaren Eguna nahiago nuke aipatu, denek amesten duguna, euskal preso guziak Euskal-Herriratuko gaituen egun hura.

Bainan egun hortarik urrun gaude oraino.

Askatasuna etorriko da beste eskakizunak, oinarrizko eskakizunak, gutienezko eskakizunak ardietsiak edo lortuak izanen ditugularik.

Gure helburu nagusia, 25 urte hauetan borrokan osoki engaiarazi gaituena, Euskal-Herriaren eraikuntza da. 1973an, lehen ildoan, Independentzia eta sozialismoa zen gure eskakizun nagusia, hegoaldeko gure anaiekin batera.

Laster ohartu gira hortaratzeko Iparraldeak beste etapa batzu gainditu beharko zituela, Iparraldeak behar zuela lehenik berpiztu, bere euskal izaiteaz jabetu, bizi sail guzietan lanean arizan ta borrokatu.

Hortarako gure 2garren ildoan aldarrikatzen ginuen bezala, Herriak Bizi behar du izan da gure lema lehen urte horietan, kontrapodereak sail guzietan eraikitzea zelarik gure lehentasuna.

Horren ondotik, lan eta borroka horiek aitzinatuz beharrezkoa iduritu zaigu sail guzietako eskakizunak elkartzea eta eskakizun politiko orokor batean biltzea.

Hola dugu 1983an, ildo berri batetan, Autonomia aldarrikatu Iparraldearentzat.

Autonomiak emanen baitizkio Iparraldeari ahalmenak bere lekua betetzeko Euskal-Herri oso bateratuaren eraikuntzan.

Autonomia, lehen Urratsa Askatasunaren bidean!

Bainan nola eraiki Autonomia Iparraldean? Hortarako beharrezkoa iduritu zaigu Autonomia proiektu bat proposatzea abertzale mugimendu osoari, aitzin-xede hori eztabaida dezagun elgarrekin eta proiektu amankomun baten inguruan abertzale indar desberdinak elkar diten.

Hola dugu 1993an ildo berri bat proposatu autonomi proiektu konkreto batekin.

Gure xedea zen abertzale mugimendu elkartu ta indartsu bat sustatzea, proiektu sinesgarri batekin, iparraldeko herriaren indar bizi guziekin autonomia eraikitzeko.

Ez dugu lortu. Eraikitzen proiektuak abertzale mugimendu zati bat baizik ez du elkartu, beste zati batek pentsatzen zuelarik autonomira heltzeko beste eskakizun gutienezkoak bete behar zirela.

Bainan desmartxa horrekin lortu duguna da abertzale mugimenduaren barnean elkartasunaren beharra ta nahia sustatzea.

Eta hola lortu dugu Abertzaleen Batasuna Hauteskundeetako koalizioa mugimendu politiko bilakarazi, Iparraldeko abertzale gehienak elkartuz.

1993az geroztik abiatu dugun ildo berri hori aitzina segituz, Iparraldeko herri gehiengoak onartzen dituen bi eskakizunak, euskal departamendua eta euskararen ofizialtasuna, guregain hartu ditugu Abertzaleen Batasunean, gutienezko eskakizun bezala.

Eskakizun horiek irabazten baditugu, Hegoaldeko Euskal Autonomi Elkarte eta Nafarroarekin Iparraldeak bere harremanak ofizialki bidertzen indartzen ahalko ditu.

Eskakizun horiek irabazten baditugu, Iparraldeak bere izaitea eta ezagupena segurtatzen ahalko ditu, Iparraldea bere izaiteaz jabetzen hasten ahalko da.

Orduan Iparraldea bigarren etapara joaiten ahalko da, Iparraldeak bere eskumenak gehiagotuz beregaintasun politiko batetara, erran nahi baita egiazko autonomia batetara heltzen ahalko da, hegoaldeko bi elkarte autonomoekin gero ta gehiago uztartuz, biharko Euskal-Herria Europan eraikitzeraino.

Euskararen ofizialtasuna eremu finko ta politiko berezi batetan baizik ez daiteke eraiki, hortarako beharrezkoa da gutienezko egitura politiko bezala, euskal departamendua lortzea.

Euskal departamenduari euskararen ofizialtasunak dio euskaltasuna segurtatuko.

Bi eskakizunak elgarri lotuak dira, hortarako ditugu elkarrekin aldarrikatzen.

Bainan Parisek ez digu oparirik eskainiko.

Bi eskakizun horiek irabazi egin beharko ditugu.

Pariseko podereari eta Iparraldeko jaunttoei amor emanarazteko, ildo berri bat urra dezagun orain.

Elkartasunaren ildoa. Lizarra-Garaziko akordioak Hegoaldean sortu duen dinamika berri hortaz balia gaitezen ere iparraldean aterabide politikoei buruzko dinamika bat sustatzeko, Iparraldeko herri gehiengoak onartzen dituen bi eskakizunen inguruan gure aldeko gizarte indar guziak elkartuz.

Dudarik gabe eta osoki engaia gaiten elkartasun bide hortarik sail guzietan, borroka sail guziak elkarri lotuak baitira.

Koherentzia minimo bat beharrezkoa da gure jokamoldean, bai abertzale mugimenduaren baitan elkartasun haundiena eraikitzeko, bai Iparraldeko gizarteari alternatiba sinesgarria aurkezteko.

Hortarako, ABren baitan lan egin dezaun, errepresioaren kontrako sailan ere koordinaketarekin lan egin dezagun.

Frantses Estadoko presondegietan gauden 74 euskal presoen sustengua elkartasun haundienean antola dezagun sustengu talde ta batzorde guziek koordinaketan parte hartuz egiazki.

Gabi, Jean-Noampeuml;l, Eneko eta beste euskal preso guziak Euskal Herrian edo Euskal Herritik ahal bezain hurbil elkartuak izan gaiten, denek elkarrekin lan egin dezagun, sustengu talde guziek koordinaketan parte hartuz eta euskal preso guziek elkarrekin kolektibo bat onartuz.

Askatasun Eguna ahal bezain bat hurbildu nahi badugu gure herriarentzat eta euskal presoentzat, Elkartasun ildo berri hau ahal bezain barna urra dezagun.

Gora Euskal Herria!